XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer esanik ez, oso eztabaidagarria da edasitako berezitasunen izaera: homologoak, ala paraleloki sortu diren baterakuntza ebolutiboak ote dira?.

Noski, homologoak direla, arbaso turbelariomorfoaren teoria defendatzen dutenen ustez.

9.2.1 / Stasek-en eredua (1972).

Autore honen ustez, moluskuen jatorri filogenetikoa honelako animalia batetan zegoen: zenbait organo-sistema serialki errepikatuta (= pseudometamerismoa) zeukan organismo txiki, ziliodun azelomatu eta bermiforme batetan, hain zuzen.

Berau, preanelidoetatik hurbil zegokeen; agian, platelminte turbelariomorfoen antzekoa zen Nemertinea phylum suntsituan.

Organismo honek, tamainuaren hazkundea jasan zuen, eta, geroztik, alde lokomotorea galdu zuen partzialki, gorputz-pareta gogorraz ordezturik.

Aldi berean, eskeleto hidrostatikoa sortuz zihoan; beronetatik, hemozelea garatu zen moluskuen lerroan, eta zeloma anelidoenean.

Bestalde, arbaso honen pseudometamerismoa nabarmendu eta irmatu egin zen anelidoen lerro ebolutiboan zehar eumetamerizazioa lortu arte; moluskuetan, ostera, ezabatuz joan da pseudometamerismo hori.

Alabaina, badira zenbait arrasto klase desberdinetan.

Moluskuen lerroko lehenengo organismoek, mukizko estalki babeslea garatu zuten superfizie dortsalaren gainean, geroago kutikula bihurturik; agian, lodieraren emendioa ekarri zuen estalkiak.

Kutikula jariatzen duen epitelioa, forma aurreratuagoen mantuari (palliumi) dagokioke.

Lehen mailako forma hauek milimetro gutxikoak ziren eta azelomatuak; ondoko ezaugarriak zituzten: epidermi zilioduna, dibertikuluak zituen liseri-hodia, uzki dortsal subterminala, lau nerbio-kordoi longitudinal, muskulu dortsobentralen zenbait serie eta liseri-hodiarekiko dortsobentralki kokatzen ziren tubulu mesodermiko batzu.